Sinopsi Heartstopper 5. Aurrera, elkarrekin
Alice Osemanek lehenbiziko erromantzearen zirrikituak aztertzen jarraitzen du Nick eta Charlieren arteko harremanaren eskutik. Nola kudeatu aldi berean nerabezaroko erronkak (etorkizuneko lan-ibilbidea, familia-harremanak, buruko osasuna) eta bikotekidearekin daukazun konpromisoa? Serie ingelesaren azken-aurreko liburuak ustez erraz-erraza den galdera bat dakarkigu: bi mutilek maitasuna aitortu diote batak besteari, bai, eta orain, zer? Sarean egin zuen lehen argitalpenaz geroztik hamar urte igaro direnean eta mundu osoan eta 40 hizkuntzatan 10 milioi liburu saldu dituenean, proiektu honi amaiera emateko puntuan da Oseman egilea. Uztailaren hasieran argitaratuko da seigarren eta azken liburua, eta, ondoren, nahiz eta oraindik ez daukagun data zehatzik, Heartstopper Forever estreinatuko da, Netflix plataforman hasitako denboraldiei amaiera emango dien film luzea.